Diruaren eta boterearen logikek diktatuta, hezkuntza-sistemaren baitan demokrazia sendo batek behar dituen oinarriak ahultzen ari gara; politikek, epe-laburreko eraginkortasun ekonomikoa irizpide nagusi bihurtuta.
Helburua merkatuaren behar berehalakoetara egokitzea da, pentsamendu kritikorik gabeko pertsonak sortzea. Ezagutza utilitarismo hutsera mugatzeak giza balioak, ikuspegi etikoak eta konplexutasuna ulertzeko gaitasuna murrizten ditu. Horrela, sistemak pertsona/makinak ekoitz ditzake, esplotagarriak eta ordezkagarriak, zaharkitze programatuaren logikari jarraituz.
Krisi honek hezkuntza-sistema osoa zeharkatzen du. Giza eta gizarte zientzietako edukiak sakrifikatzen dira gero eta normaltasun handiagoz, epe laburreko errentagarritasunaren fantasiaren izenean. Giza eta gizarte zientziak apaingarri gisa aurkezten direnean, epe luzerako diren norberaren garapena, sormena eta pentsamendu kritikoa lantzeko tresnak zanpatzen ari gara.
Testuinguru honetan kokatzen da, besteak beste, hizkuntza berriak ikasteko interesaren beherakada. Paradoxikoki, orain hizkuntza hegemonikoei ere eragiten hasi zaie gainbehera. Nazioarteko unibertsitateetako matrikulen beheraka handia da honen adierazle.
Hizkuntzak –txiki zein handi– ez dira komunikazio tresna hutsak. Mundua ulertzeko moduak dira, beste batzuengana hurbil gaitzaketenak. Horregatik, gizarte eta giza zientzien defentsa ez da nostalgia ariketa bat. Gizarte demokratiko, kritiko eta askotariko baten aldeko apustu estrategikoa da. Epe laburreko errentagarritasunaren gainetik, epe luzerako bizikidetza, sormena eta pentsamendu autonomoa lehenestea dago jokoan.