Azaroa

Erabiltzailearen aurpegia Monika Madinabeitia Medrano 2025eko azaroaren 25a

Azaroa heldu da.

Azaroarekin batera, egun laburrak eta gau luzeak. Trantsizio-garaia da: natura negurantz makurtzen da eta izaki bizidunak ziklo berriari egokitzeko moduak bilatu beharrean gaude.

Emily Dickinson (Massachusetts, 1830–1886) poetak ere sarritan egin zion erreferentzia azaroari. Familia errespetatu batean jaioa, bizitza ia osoa etxean isolatuta pasa zuen. Ia 1.800 poema idatzi zituen, baina bizirik zegoela gutxi argitaratu ziren, garaiko konbentzio maskulinoek baldintzatuta. 

Heriotza eta betierekotasuna dira bere poemetan nagusi. Agian horregatik, azaroak leku pribilegiatua hartzen du bere iruditerian. Dickinsonek adierazten du naturak nola uzten dion udazkenari azken arnasa hartzen, nola jausten diren izaki askoren bizitzak, udaberriko berpizkundea ahalbidetzeko. Batzuetan iradokitzen du txantxangorri batek, agian, negua iraun dezakeela; beste batzuetan, agian, ez dela halakorik izango. Bizitzaren eta heriotzaren arteko muga hauskorra.