Deskantsua: pribilegio ala eskubide?

Erabiltzailearen aurpegia Monika Madinabeitia Medrano 2025ko ira. 5a, 00:00

Gaur normaltzat jotzen dugun deskantsua ez da beti existitu.

Lanaldiaren muga, atsedenaldiak edota asteburuak mendeetako borroka sozialen eta sindikalen emaitza dira.

Karl Marx izan zen atsedenaren garrantzia azpimarratu zuen lehen pentsalarietako bat. Berarentzat, aberastasunaren benetako neurria ez zen lanordutan kalkulatzen, baizik eta denbora librean. Marxismoaren aurretik, ordea, oporrak eta aisialdia aberatsentzako pribilegio hutsa ziren.

Grekoek antzeman zuten lehen aldiz atsedenaldiaren garrantzia. Hala ere, gaur egun ezagutzen dugun oporren eta atseden ordainduaren ideia erromatarrek ekarri zuten, lanaren eta atsedenaren arteko oreka sistematizatu eta arautu zutenean.

Dena den, mendeak igaro behar izan dira opor ordainduak ofizialki ezarri arte. Lehen aldiz Frantzian gertatu zen, 1936an, hainbat mobilizazio eta errebindikazio sozialen ostean. Mugarri horretatik aurrera, eskubide hori pixkanaka munduko herrialde askotan hedatzen hasi zen.

Baina hedapen horrek ez du berdintasunik bermatu. Herrialde batetik bestera desberdintasun handiak daude oraindik ere; are gehiago, herrialde berean bertan ere nabarmenak dira aldeak langile batzuen eta besteen artean.

Deskantsua gaur egun eskubide sozial modura aitortua bada ere, oraindik badu jatorrizko pribilegioaren itzala. Oporrek eta aisialdiak, praktikan, desberdintasun sozialak agerian uzten dituzte. Aberatsen eta ez-aberatsen arteko arrakala ez da soilik soldatarekin neurtzen; atseden hartzeko, bidaiatzeko edo norbere burua zaintzeko aukeretan ere islatzen da.

Irailaren atarian, merezi du gogoratzea deskantsua ez dela beti eskura egon: irabazitako eskubide gaztea da. Duda barik, oraindik ere etengabeko berrikuntza eta berdintasun sozial handiagoaren beharra azaleratzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak