Beste berdinketa bat Mondrarentzat, oraingoan liderraren etxean (1-1)

Erabiltzailearen aurpegia Mondra Futbol Taldea

Zarautz bisitatu zuen Mondrak asteburuan, kategoriako liderraren etxean 3 puntuak eskuratzeko asmoekin. Partidu oso ona egin arren, denboraldiko zortzigarren berdinketa eskuratu zuen. 

Zapatu arratsaldean Asti futbol zelaiak istoriako azken partidua presentziatu zuen Zarautz eta Mondraren artean, berdegune naturalaren azken partidua bizi baitzen. Hori zela eta, partidu aurretik pasilloa jaso zuten bi taldeek zarauztarren harrobiko jokalarien partetik. Partiduari dagokionez, lehenengo zati oso parekatua eta serioa izan zen, eguraldiagatik oso baldintzatua egon baitzen zelaia. Haize bolada bortitzek ez zuten errazten baloiaren kontrola izatea. Dena dela, bi taldeak borroka gogorra ezarri zuten eta talde bakoitzak aukera garbi bat izan zuen. Hala, 0-0eko markagailua ez zen mugitu lehen 45 minutuetan. 

Bigarren zatian, ordea, haizeak pixka bat eten zuen, baina euriak zelaia guztiz lokaztu zuen eta 2 taldeetako jokalariak sarri labaintzen ziren. Mondraren minutu hobeenak izaten ari ziren eta partidua zarauztarren zelaira bultzatzen hasi zen. Horrelako partidetan, jokatzeko baldintzak eskasak izaten direnean, baloi geldia oso garrantzitsua izaten da eta horrela jarri zuen talde zuri moreak 0-1ekoa markagailuan. Danel Menak atera zuen kornerra eta area txikian hainbat aldaratze izan ostean, Ander Sestok sareratu zuen baloia. Mondrako taldeak eginiko lan onak saria izan zuen 62. minutuan. Zarauztarrek, aldiz, ez zituzten besoak jaitsi eta aurrera pauso bat egin zuten baloiaren kontrol handiagoa izanez. 70. minutuan aukera garbi bat izan zuten, baina Mondrako atezainak ondo desbideratu zuen jaurtiketa. 76. minutuan aldiz, ezin izan zuen ezer egin ezker hegaleko erdiraketa bat Zarauzko aurrelariak buruz jo zuenean. Mondrak atzeko lerroan izan zuen akats bakarra guztiz zigortu zuen etxeko taldeak. Aipagarria da goleatzaileak 11 gol daramatzala 11 partidutan. Azken 15 minutuetan Mondra ondo defendatu zen eta baloiarekin ere ez zen makal ibili aukeraren bat edo beste sortzen, baina arrakastarik gabe. Garbiena 92. minutuan izan zuen talde zuri moreak. Aitzolek eskuin hegaletik eginiko jokaldi bikain baten ostean bakar bakarrik utzi zuen Julen Letona atezainaren aurrean, baina honek ez zuen baloia sareratzerik izan eta partidua banako markagailuarekin amaitu zen. 

Liderraren etxean puntu bat eskuratzea beti da positiboa, baina azken minutuko aukera horrekin zapore gazi-gozoa gelditu zitzaion Jorge Davilaren taldeari. Datorren astean kategoriako hirugarren sailkatu doan Oiartzun jasoko du Mojategi futbol zelaian, azaroak 28, zapatua, arratsaldeko 16:30etan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak