Domeka euritsua izan behar zirudien arren, eguraldiak errespetatu zuen Lesakan bizi zen partidua Mondra eta Beti Gazteren artean. Talde zuri moreak ez du galdu etxetik kanpo aurten oraindik, baina ezta irabazi ere. Aukera ona zen sailkapeneko beheko postuak atzean uzteko eta nabaria izan zen zelaian Arrasateko taldeak merezi dituenak baino puntu gutxiago eskuratu dituela 10 jardunaldiren ostean.
Lehen zatia intentsitate handikoa zen, Mondra baloiarekin eta Lesakarrak presio oso fuerte batekin. Hori zela eta, Mondrak 3. minutuan defentsaren bizkarrera bidalitako baloi batekin izan zuen lehenengo aukera garbia, baina atezainak irabazi zion partida mondrako aurrelariari. 15. minutuan, beste aukera garbi bat: eskuin hegaletik eginiko jokaldi polit bat ez zuen sareratzerik izan bigarren zutoinean egindako erremateak. Partidua aurrera zihoan eta Lesakarrak ere baloi pixkat gehiago izaten hasi ziren, baina Mondrako defentsa arazo larrietan jarri gabe. Beste aukera oso garbi bat izan zuen kanpoko taldeak, baloia zutoinera bidaliz defentsa bati jo ostean. Hala, atsedenaldira hutseko markagailua ikusten bazen arren, Mondrak irabazten joatean merezi zuen.
Bigarren zatia lehenaren antzera hasi zen eta lehenengo minutuetan beste baloi bat zutoineratu zuen Mondrak. Partidua aurrera zoan heinean kanpoko taldeak aurrera pausu bat egin zuen eta Lesakarrek hor izan zuten beraien jokoa egiteko momentua, kontraeraso arriskutsuak eginez. Dena dela, arrisku sentsazioa izan arren ez zuten Mondrako atezaina arazo larrietan jarri. Partiduko azken minutuetan ez zen gauza askorik pasa eta partidua hutsean amaitu zen. Bigarren partida jarraian Mondrak ez duela golik jasotzen.
Datorren astean liderraren etxera joango da garaipen bila talde zuri morea, azaroak 21 zapatua, arratsaldeko 15:00etan. Aukera paregabea kategoriako oilarretako baten aurka etxetik kanpoko lehen garaipena eskuratzeko.