Domeka arratsaldean aukera paregabea izan zuen Arrasateko taldeak aurretik zihoan arerio bati irabazi eta sailkapenean aurreratzeko, baina ezin izan zuten. Lehen zatian ondo zelairatu zen Jorge Davilaren taldea eta baloiaren jabetza eskuratu zuen. Añorgaren zelaian ari zen dena jokatzen baina aukera garbi gutxirekin. Denbora aurrera zihoala, Añorga mina egiten hasi zen kontraerasoan, defentsaren bizkarra bilatuz. Ia denboraldiko gola ikusi genuen Mojategin, zelai erditik bolea ikaragarri bat jaurti zuenean aurrelariak, baina zorionez langan jo zuen baloi horrek. 32. minutuan izan zuen etxeko taldearen aukera garbiena Iker Perezek, baina kanpoko atezainak geldiketa oso on batekin kornerrera bidali zuen baloia. Orduantxe egin zuen Mondrak lehen aldaketa, Iker Perez berak ezin izan zuelako zelaian jarraitu. Lehen zatia horrela iritsiko zen atsedenaldira, 0-0ekoarekin.
Bigarrenak, lehen zatiaren tonika oso antzekoa eraman zuen: Mondra baloiarekin eta Añorga bizkarrera baloiak bilatzen. Hemen bai ikusi genituen aukera garbi gehiago bi ateetan, baina bi taldeetako atezainak lan ona egin zuten aurkariaren gola ekiditeko. Aldaketekin freskotasuna sartu zen etxeko taldean eta azken minutuetan kanpoko taldea beraien arean sartu zuten, baina ez ziren gol egiteko gai izan. Agian 0-0ekoa ikusita partidu aspergarria izan zela eman dezake, baina markagailuak ez du partidua islatzen. Esan daiteke Mondrak gehiago proposatu zuela garaipena lortzeko baina edozeinendako joan zitekeen partidua.
Hala, datorren astean Lesakan jokatuko du talde zuri moreak igandean arratsaldeko 16:30etan. Etxetik kanpo ez du galdu oraindik Mondrak, baina ezta irabazi ere. Hortaz, aukera paregabea izango dute Mastegi futbol zelaian.