Zapatu arratsaldean Orioko eta Mondraren arteko partida jokatu zen Mendibeltz futbol zelaian. Talde zuri morea etxetik kanpo lehen garaipena lortzeko asmoarekin zelairatu zen, baina aurrean talde oso serio batekin topatu zen. Baloiaren jabetza izaten saiatu arren, etxeko taldeak intentsitate handiarekin estutzen zuen eta galera dezente izan zituen talde zuri moreak. Partidu berdindua ikusten ari ziren zaleak, baina 33. minutuan apurtu zen balantza etxekoen alde. Mondrak ez zuen ondo presionatu eskuin hegaleko jokaldi bat eta Oriokok kontraeraso on bat prestatu zuen, gola eskuratuz. Atsedenaldira 1-0eko markagailuarekin iritsi zen partida.
Atsedenaldiko zuzenketek eragina izan zuten Mondrarengan eta partiduaren jabetza eskuratu zuen, baloia alde batetik bestera mugituz. Orioko taldea ondo defendatu zen eta nahiz eta ez ziren aukera garbirik izan, sentsazioa zen Mondraren gola iritsiko zela momenturen batean. 80. minutuan Iker Perezek sareratu zuen jokaldi polit bat, baina epaileak jokoz kanpo adierazi zuen. Abixu bakarrarekin nahikoa izan zen, zeren eta hurrengo aukera garbia sarera bultzatu zuen Mondrako aurrelariak. 88. minutuan, eskuin hegaleko erdiraketa batek dudak sortu zizkien etxeko taldeko defentsa eta atezainari. Ez ziren ondo ulertu eta baloia Ikerri utzi zioten atea hutsik zegoela. Denbora gutxi falta zen eta partidua erabat apurtu zen, bi taldeak garaipeneko gola bilatzen joan baitziren. Zoritxarrez, epaileak partiduko amaiera adierazi zuen eta bi taldeen arteko puntu banaketa izan zen.
Datorren astean Mondrak etxean jasoko du Añorga domekan, azaroak 8, arratsaldeko 17:30etan.