Zapatu arratsaldean egin zuen eguraldi kaxkarrerikn ekin zion partiduak Unben, Mondra eta Urkiren arteko neurketa. Espero zen partida ikusi zuten zaleek, Mondrak baloiaren jabetza eta Urki kontraerasoan min egin nahian. Aukera gutxi izan ziren orokorrean lehen zatian bi ateetan, baina Urkikoek izan zuten bakarra sareratu zuten. 20. minutuan eskuin hegaletik erdiraketa on bat egin zuten, baloia aurpegiz utzi eta atezainaren aurrean ez zuen hutsik egin aurrelariak. Agian zigor handiegia izan zen, baina defentsako despisteak garesti ordaintzen dira. Hala, Mondra saiatu zen aurrera pauso bat ematen, baina ez zuten aukera oso garbirik izan eta atsedenaldira 1-0eko markagailuarekin iritsi zen partidua.
Bigarren zatian, aldiz, bai izan zituen aukera garbiak sortzeko gaitasuna eta Urki bere zelaian sartzea eragin zuen. Berdinketa, ordea, baloi geldituan etorri zen. Danel Menak bigarren zutoinean jarri zuen baloia eta han agertu zen Aritz Arizmendiarrieta, bere denboraldiko hirugarren gola sartuz. Hirurak baloi geldituan, argi dago Mondra jokaldi horietan sendo dabilela aurten ere. 1-1ekoarekin partiduaren bila joan zen Mondra eta Iker Perezek bi minututan bi gol sartu zituen (79 eta 81) markagailuan 1-3a ezartzeko. Hamar minutu besterik ez ziren gelditzen eta partidua amaituta zegoela zirudien arren, Urkik atzeko lerroko akats bat aprobetxatu zuen 2-3koa jartzeko. Berdinketaren bila joan ziren eta hala, 90. minutuan falta bat jarri zuten arean, Mondrako defentsak despejatu eta aldaratzea Urkiko aurrelariak sareratu zuen. Markagailuak ez zuen erakusten benetan ikusitako partidua, baina lehenago esan bezala, akatsak oso garesti ordaintzen dira.
Mondra 7 punturekin dago hamabigarren postuan. Datorren astean Hondarribi jasoko du talde zuri moreak Mojategin hiru puntuak gehitzeko asmoarekin, zapatuan 16:30etan.