Irabazi ezinean jarraitzen du Mondrak 4 jardunaldiren ostean

Erabiltzailearen aurpegia Mondra Futbol Taldea

Denboraldiko partidu hobeena jokatu arren, ezin izan du irabazi Arrasateko taldeak Ordizian (1-1)

Mondra eta Ordiziaren arteko partidua bizi izan zen zapatu arratsaldean Ordizian. Talde zuri morea denboraldiko lehen garaipena eskuratzeko asmoarekin zelairatu zen eta nabari zen irabazteko zuen gogoa. Baloiaren jabetza eskuratu zuen lehenengo minutuetan eta aukera garbiak izan zituen lehenengo gola sareratzeko. Ez zen iritsi lehen gola eta normalean, barkatzen denean garesti ordaintzen da. Ordiziko taldeak kontraeraso on bat antolatu zuen eta 1-0ekoa ezarri zuen markagailuan. Ikusitakoaren ostean ez zen emaitza justua, baina kategoria honetan akatsak garesti ordaintzen direla argi gelditu zen. 

Mondrak ez zion aurpegia galdu partiduari eta beraien jokoarekin jarraitu zuen, baloia alde batetik bestera ondo mugituz eta aukera garbiak sortuz. Hala, Martzel Azpilikuetak errematatu zuen burukada eder baten ostean iritsi zen mondrakoen berdinketa. Banakoa markagailuan ezarri ostean talde zuri morea bigarrenaren bila joan zen atsedenaldi aurretik, baina arrakastarik gabe. 

Bigarren zatiak lehenengoaren tonika berdina eraman zuen: Mondra baloiarekin aukerak sortzen eta Ordizia kontraerasoan min egin nahian. 2-1ekoa gertu izan zuen halako batean etxeko taldeak, baina zutoinera jaurti zuen aurrelariak bigarren zatian izandako aukera bakarra. Arrasateko taldeak, aldiz, hainbat aukera sortu zituen. 75. minutuan jokalari bat gutxiagorekin gelditu zen Jorge Davilaren taldea, baina hala ere askoz gehiago izan ziren zelaian eta aukera garbiak sortzen jarraitu zuten. 

Pena izan zen ate aurrean asmatu ezin izanak, zeren eta 3 punturekin itzultzea merezi izan zuten. Datorren astean Urola izango du aurkari Mojategin, ostirala urriak 9 arratsaldeko 20:30etan. Helburua orain artekoa izango da: Lehen garaipena lortu eta hirunaka gehitzen hastea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak