LEHEN TALDEA: Mondrak bostgarren porrota jarraian jaso zuen zapatuan Mojategin (1-2) Amaikak Bat taldearen aurka. Denboraldi honetako etxeko azken partida izanik, futbola uzten duten jokalariei omenaldiak egiteko aprobetxatu zuen.
33. jardunaldia azkenengo lau partidak bezala joan zitzaion mondrari, bostgarren porrota jarraian jasanik. Etxeko taldeak ez du ezer jokoan eta zelaian hori igartzen da, batez ere aurrean duen taldeak zerbait jokoan badu. Amaikak Bat taldeak irabaztea behar zuen kategorian beste urtebetez jarraitzea ziurtatzeko eta erremontatuz lortu zuen. Etxeko taldea ongi zelairatu zen lehen minutuetan eta Julen Valleren golarekin aurreratu zen 30. minutuan. Eskuin hegaleko erdiraketa bat bigarren lerrotik iritsiz sareratu zuen. Gol berezia beretzat aurtengoa bait da bere azken denboraldia klubean.
Ordura arte baloiaren jabetza Mondrarena izan zen eta zirudien bigarrenaren bila joateko unea zela, baina 10 minutuko deskonexioak arazoak ekarri zituen. Lehenik, 35. minutuan epaileak penalti eztabaidagarri bat adierazi zuen eta Debako taldeak ez zuen barkatu, 1-1. Kanpoko taldea partiduan hazi zen eta bigarrena sareratzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen 45. minutuan. Taldearen akats baten ondorioz atzetik ikusi ziren markagailuan, 1-2.
Bigarren zatian, Mondra partidaren bila joan zen eta askoz gehiago izan zen berdegunean, baina ez zen nahikoa izan markagailua iraultzeko. Azkenean, 1-2 amaitu zen emozioz beteriko partidua. Partida amaieran Julen Valle, Iker Pavon, Xabat Otxandiano eta Andoni Etxeberria jokalariak omendu zituen taldeak, beraien urte guzti hauek eskertuz.
SENIOR B: Zumaian, ordea, arratsalde lasaia bizi izan zen, 29. jardunaldian Aita Mari zelaian. 0-0 amaitu zen lehen zatia partida korapilatsu batean: taldeak antsietate puntu batekin hasi zuen partidua, irabazteko zeukan beharra sentituz.
Hala era, bigarren zatian buelta eman zion egoerari. 56. minutuan Madina Otzerinjauregik ireki zuen markagailua Mondrarentzat. 70. minutuan, Julen Letonak bigarrena sartu zuen — eta 88. minutuan berriz ere, doblete bikaina osatuz. Tartean, Eceizak 74. minutuan gola sartu zuen etxekoentzat (1-2 jarriaz), baina Mondrak ez zuen kontrola galdu eta 1-3 emaitzarekin itxi zuen partida. Bost garaipen jarraian. Aritz Uribesalgoren taldea gorantz gelditu ezinik.
Eguneko momentu mingarria, ordea, Iker Lageren lesioak ekarri zuen. Keinu txar batean belaunean hartu zuen kolpea, eta anbulantziaz eraman behar izan zuten Aita Maritik. Probak egingo dizkiote lesioaren hedadura jakiteko — ligamentu gurutzatua behintzat apurtu ez dela dirudi. Berreskuratze azkarra opa diogu, ANIMO LAGE!!!! 💜
DATU NABARMENA: Julen Letona mailako goleatzaile zerrendan 4. postuan dago 16 golekin — nabarmenena: 19 partida baino ez dituela jokatu. Gol/partida ratioan (0.84) mailako jokalaririk eraginkorrena da. Sekulako denboraldi egiten ari da.
Argazkia: Nacho Fernandez