Ekintza hori 25 euskal preso politikok espainiar eta frantziar justizia sistemaren baitan gaur egun jasan behar duten bakartze edo isolamendu egoera salatzeko egin dugu.
Hori erraz ulertzeko, kazetariak bertaratu direnerako zoritxarrez ezabatuta zegoen margoketa bat egin genuen: 25 preso bakartuta; isolamendurik ez.
Ehunka edo milaka izan dira errepresioaren ondorioz isolamenduan jarri dituzten euskal presoak, batzuetan hainbat eta hainbat urtetarako, euren izaera militante eta politikoa nahiz euren konpromisoa apurtzeko asmoz edo, besterik gabe, espetxe barruan aldarrikapen bat egin izanagatik zigortzeko asmoz, Itziar Morenoren kasuan gertatu den bezala.
Bakartzea euskal presoen aurka sistematikoki erabiltzea erabaki politiko hutsa da, tortura luze eta gogorra, presoaren egoera fisiko eta mentalarentzat oso kaltegarria. Izan ere, isolamenduak presoa ziegan bakarrik mantentzen du egunean 22 orduz edo batzuetan 24 ordu jarraian baino gehiago, beste presoekiko harremanik gabe eta funtzionarioen zaintza etengabearekin. Presoen erbesteratzeak, isolamenduak, espetxe barruko sakabanaketak, senideek egin beharreko bidaia luzeak eta izandako istripu eta hildakoak, eraildako preso politikoak... Aski da! Espainiako Estatuak eskuak odolez zikinduta dauzka!
Egoera latz honek salaketa gogorra eta berehalako gizarteratzea eskatzen du, eta, horretarako, ezohiko bideak erabiltzea exijitzen digu. Soilik borrokarekin lor daiteke etsaiak ezarritako blokeo informatiboa eta bake faltsua astintzea.
----------
Mikel Olabezabala
(Arrasateko zenbait militanteren izenean)
Arrasate