10 egunera egin zigun betiko agurra. 3. solairuko 319. gela bigarren bizileku hartuta eman genituen 10 egun horiek. Gogorrak izan ziren –oso–; hala ere, askoz eramangarriago egin zitzaizkigun, hango langileen prestutasunari, jatortasunari eta, batez ere, profesionaltasunari esker.
Langile gutxi dira; gutxi, han dagoen lan-zamarako; dena dela, hori ez zen tratuan nabari; ez horixe! Ez genuen inoiz aurpegi txarrik ikusi –neke-aurpegiak, akaso–; beti irribarretsu eta edozertan laguntzeko prest…
Balio beza, hortaz, idatzi xume honek gure eskerrik beroenak emateko Felixen azken egunetako trantzean lagun izan genituen sendagile, erizain eta laguntzaileei.
Mila esker.
Gutun hau oso motz geratuko litzateke, baldin eta Arrasateko ospitaleko langileen lan-egoeraz ohartarazteko deia egingo ez bagenu. Albistegietan-eta izan dugu euren protesten berri: langile gutxi direla, kontratuak eten direla… Guk, zoritzarrez, hori hala dela ikusteko parada izan dugu, bertatik bertara ikusi ere! Hartuko ahal ditu dagokionak hartu beharreko neurriak!
----------
Mertxe Olabe Zabala
(Felix Elorzaren familiaren izenean)
Bergara (Ubera)