"PNV-PSOEri erantzuna (3)"

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Martinez de Zuazo 2012ko abe. 15a, 01:00

PNVk eta PSOEk azaroaren 16ko GOIENA paperean atez atekoaz eta errauskailuez...

... esan zituztenei erantzun nahi die Debagoiena Zero Zabor-ek.

Beste puntu batzuekin ere konforme ez egon arren, erantzuna lau punturi buruz egitea erabaki dugu. 

Hau haietako bat da:

Errauskailuak daudela diozue Europako herririk aurreratuenetan. Zuen helburua Alemanian, Holandan eta Danimarkan bezala %60 birziklatzea dela diozue…

Noiz arte jarraitu behar duzue hain azal gogorreko nahaspilak eragiten? 

Behin baino gehiagotan adierazi dugu Alemanian, Holandan, Austrian, Flandrian… hondakinak "nahitaez" bereizten dituztela. Atez ate funtzionatzen dutela. Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan bezala. Eta laster beste 34 herritan bezala. 

Baina zuei berdin zaizue. Zuenean jarraitzen duzue. Alemania, Holanda eta Austria eredutzat dituzuela esaten jarraitzen duzue. 

Haiek atez ate ari dira, ordea. 

Eta bitartean, Gipuzkoan eredu bera proposatzen dugunoi jipoia banatzen zabiltzate eguna joan eta eguna etorri.

Alemanian errauskailuak dituztela? Bai, 70 inguru. Horregatik aurreratuak, ekologistak eta eredugarriak al dira? 

Frantzian 130 dituzte. Frantzia ez al da Alemania bezain "aurreratua"? 

Zergatik da Alemania eredugarria? Errauskailuak dituelako? Ez al da izango laurehun konpostaje planta baino gehiago dituelako? Ez al da izango Alemaniako administrazio-entitateen %59an atez ate funtzionatzen dutelako? Ez al da izango nuklearren kontrako egundoko mugimendua dutelako? Ez al da izango transgenikoak debekatuta dituztelako? Ez al da eredugarri izango, adibidez, Bavaria eskualdeko 1.000.000 herritarrek errauskailuari erakutsi zioten oposizio irmoagatik? Ez al da Alemania eredugarri izango duten ontzien legeagatik, non 1991 ezkero "derrigorrezkoa" den ontzien %70 berrerabiltzea?

Alemanian hondakinak ongi bereizten dituztenez errauskailuak hondakinik gabe geratzen ari dira (urtean 2.000.000 tona zabor inportatzera iritsi dira). 

Ze logikarekin lotzen dituzue errauskailuak, aurrerapena eta birziklapen tasa altuak?

Herrialde horietan zoritxarrez errauskailuak dituzte, eta zorionez hondakinak atez ate biltzeko sistemak dituzte. 

Euskal Herrian ere Zabalgarbiko errauskailua daukagu, Bizkaian. 

Ze esango du alemaniar batek Euskal Herrira begiratzen duenean? Ez al du txalotuko atez ateko sistema, horri esker bilketa selektiboaren datuak gorantz disparatzen direlako? Eta ez al du uzkur begiratuko Zabalgarbiko errauskailua, urtero produkzio zikloan sartu litezkeen milaka hondakin tona erretzen eta xahutzen dituelako?

Alemania eredu baldin bada, Euskal Herria ere hala izango da, baina ez Bizkaiari eta bertako arduradun politikoei esker, baizik eta Gipuzkoako hainbat herriri eta beren aukeraketa arduratsu eta ausartari esker.

--------------------

Mikel Martinez de Zuazo, Eñaut Etxeberria, Xabier Arregi, Zigor Ibarzabal eta Aitor Otamendi

(Debagoiena Zero Zabor)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak