Arrasateko alkateari gutuna

Erabiltzailearen aurpegia Maider Morras Azpiazu 2016ko mai. 8a, 00:00

Azkeneko urteetan, Arrasaten ditugun hezkuntza eredu ezberdinek –ikastolak eta eskola publikoak– ahalegin handia egin dugu, elkarren arteko lehia albo batera utzita, elkarrengana hurbiltzeko eta lankidetzan aritzeko.

Horren adibide, Korrikaren hainbat ediziotan Korrika Txikia elkarrekin antolatu izana, Arrasateko Euskalgintzaren Mahaian eskuz esku aritzea, kirol hezkuntza proiektua edota Arrasatek Hezi ekimenean batera jardutea. Azken batean, bion ala bion helburu dira, nork bere lan egiteko moldeetatik eta hezkuntzaz daukan ikuskeratik, gure haur eta gazteei kalitatezko hezkuntza eskaintza, errespetuan oinarritutako baloreak lantzea, bat egitea eta herriko eragile aktibo izatea. 

Bide horretan, guztiz arduragabeak eta kezkagarriak iruditzen zaizkigu Maria Ubarretxena alkateak pasa den apirilaren 25ean On Jose Maria Arizmendiarrietaren omenezko ekitaldian egindako adierazpenak. Arduragabeak, hezkuntza eredu bat goraipatu zuen bezala goraipatzeak kalte egiten diolako ereduen aniztasunean eta berdintasunean oinarritutako bizikidetzari. Eta kezkagarriak, udal hautetsiek, oro har, eta berariaz alkateak, herritar guztiak ordezkatu behar dituelako, herri osoari zor diolako bere lana; hautu pertsonal ororen gainetik, berdintasunetik eta justiziaz. 

Bide batez, agerraldi hau aprobetxatu nahi dugu eskola publikoaren inguruan geroz eta hedatuagoak dauden zenbait aurreiritzi ukatzeko. 

Arrasateko hezkuntza publikoa kalitatezkoa eta euskalduna da. Aitzindaria sistema pedagogiko eta metodologietan. Irekia eta aberatsa bere aniztasunean, giza balore, solidaritate eta kooperazio printzipioetan oinarritzen dena eta Arrasatear langile, guraso eta seme-alabez osatua.

----------

Maider Morras Azpiazu

(Arrasateko Herri Eskolako Guraso Elkartearen izenean)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak