Errealitate hutsetik hezi, elikatu, eta arnastuz eraikitako pertsona arrazional bat. Begiak itxita, beltza besterik ikusiko ez lukeena. Lotan bakarrik amestu, edo pantailek berarentzat amestuko lioketena.
Garrantzirik gabeko kontakizuna dirudi. Ez baita derrigorrezkoa istorioak kontatzea. Beharrezkoa ere ez, soil-soilik ipuinak besterik ez balira. Ez luke garrantzirik, kontu hauek gure garunaren, hiztegiaren, arlo emozionalaren eta imajinazioaren garapenean ezinbestekoak izan ezean.
Ez ditzagun hitza eta ahozkotasuna gutxietsi. Zu ere izan zinen behin istorioz eta fantasiaz betetako ume bat. Itxi itzazu begiak apur batez, beraz. Jar zaitez kontatu dizkizuten ipuinak oroitzen. Gogoratu dezakezu ipuinik huts-hutsean, hari lotutako sentimenduak, usainak edo konpainiarekin lotu gabe? Noiz eta nola jasotzen zenituen babesa, goxotasuna, maitasuna?
Errealitatetik irteteko ihesbidea ere badira. Eguneko arazo txikietatik babestu, eta laguntza jasotzeko modu bat. Norbere barne-gatazkatxoak kontakizun bihurtzeko. Errealitateko egoerak antzeztu edo letozkeenak prestatzeko gidoiak. Esatera ausartzen ez garen kontu horiek narrazio eran askatzeko modu bat. Ipuinak diot, baina bertsoak edo abestiak ere izan zitezkeen.
Denok dugu fikzioaren beharra. Eguneroko zurrunbiloan eten bat egiteko. Bazen behin batekin teloia ireki, eta Hala bazan esanaz itxi. Tartean kontatutakoak gorde, eta egunerokoari indartsu eta ameslari ekiteko berriz.
Ipuinak ez dira ipuinak soilik. Ez dezagun fikzioa gutxietsi, eta ez diezaiegun ondorengoei harako bideak eten. Jarrai dezagun liburuen egunak ospatzen, eta elkarri denbora eskaintzen. Bestela katu katu, ipuina bukatu. Eta hala bazan edo ez bazan, jar ditzagun liburuak eguneroko plazan.