Disimulurik gabe zigortuak izan ziren, egonkortasuna ezerk ziurtatzen ez zuen garaietan. Diktadura iristen, gainetik pasatzen eta joaten ikusi zuten. Biziraupenerako zirrikituak aurkitu zituzten, eskubide hitza ezagutzen ez zen garai haietan.
Gauzei balioa emateko borrokatu ziren. Eskubideak aldarrikatu eta definitu zituzten. Haientzat, eta guretzat. Testuinguru hartan sortu gintuzten, eta beraien aldarrikapena geuretzat hartu genuen. Hartu eta eraldatu. Denak balio du oihukatzen hasi ginen 80ko hamarkadan.
Eta hala egin dugu gaur arte. Ozen genion balio duela lan baldintza duinak exijitzeak. Balio duela geurea defendatzeak. Oinarrizko giza eskubideak baliotsuak eta urratu ezinezkoak direla. Adin, genero, orientazio sexual, arraza eta sinesmen mota guztiak maila berean jarri behar direla. Eta ibilian-ibilian, iritsi gara denak balio duen gizarte honetara.
Gaur, balio du eskubide internazionalei barre egiteak. Herrialdeak eta herritarrak gutxiesteak. Gezur batetik gerra sortzeak, eta gezurrik gabe genozidioa gauzatzeak. Balio du emakumeen aurkako indarkeriak, soldata arrakalak. Amak ama eta aitak super-aita bihurtzeak. Zibilak hil eta petrolioa lapurtzeak. Populismo eta inperialismoak bozkak irabazteak. Balio du orkatilako bihurritu baten errehabilitaziorako urtebetez mediku-zerrendan zain egoteak. Etxebizitza negozio bihurtzeak. Etxe duin bat erosteko dirurik emango ez duten lanak onartzeak. Faxismoa defendatzeak. Dena da onargarria, norberari balio badio. Egin, ahaztu, eta kito.
Memoria historikoak zulo berean ez erortzen laguntzen du. Baina atzera gogoratzea ez da komeni, antza. Zer diozue? Denak balio du, edo ezerk ez du balio? Agian, aski da! esaten hasi beharko ginateke orain. Begiratu ingurura. Ez, ez du denak balio.