Naturalki

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Madariaga Mujika 2025ko urr. 6a, 00:00

Duela 250 urte inguruko kontuak dira batzuentzat. Wolframa aurkitu zutenekoak besteentzat.

Askok uste du orain dela 10 urte hasi zela dena. Historiarik ez balego, etorkizunik ez luke Laboratorium museoak. Aspaldi hasi zen istorioa, eta ipuin bat bezala bizi daiteke orain eraikinaren areto ikusgarrietan. Denen eskuragarri, eta ulertzeko moduan.

Ai, denok ulertuko bagenu horren garrantzia. Berrikuntzarik ez legokeela, biltegian ondo gordetako zoologia, kimika edo fisikako piezengatik ez balitz. Baieztapenek eta ondorioek historia luze eta konplexua daukatela atzetik. Desinformazioari aurre egiteko baliabide eraginkorra dela zientzia.

Zein iturritatik edan ondo aukeratu behar dugula, ur kutsatuz betetako mundu lehor honetan. Aldaketa klimatikoa zalantzan jartzeraino irits gaitezkeela, nora eutsi asmatzen zaila den garaiotan. Inoiz baino besarkada gehiago behar duen gizartean, babes gehien ematen duen magala dela zientziarena. 

Nortaz fidatuko garen asmatzea baita gakoa. Eta halaxe jarri zuten martxan Laboratorium, urte luzez gugan fedea sortu duen proiektua. Herritarrek eta politikariek etenik gabe jarraipena eman diotena, ia naturalki.

Gizarte museo bat sortu nahi izan dute, eta hala har dezagun guk ere. Geuretzat hartu, etorkizuneko erronkei baliabide zientifiko eta teknologikoekin erantzuten ikasteko. Zalantzarako aukera gutxi dauzkaten baliabideen jabe egin, gizarte hobea sortzeko. Naturalki.

Dibulgazio zientifikoari bide eman. Dibulgatu, erreferente zientifiko feminista eta euskaldunak. Bide batez, eskuinaldetik datozen oinarri gabeko baieztapenen dibulgazioari erantzun. Oinarri zientifikoari dagokion balioa eman, eta ez dutenen artean bereizten ikasi. Natura zientzia baita, baina gauza natural guztiak ez direlako zientifikoak. Zalantzarik gabe, zorionak, Laboratorium!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak