Txaparrada

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Madariaga Mujika

Joan da Euskaraldia.

Pasa da garaia, txapak eta dominak banatzekoa. A ze txapa euskararen izenean, eta zenbat domina merezi ez dutenen paparretan. Kontatu beharko genuke zenbatek egin ote duen jertsetik jertsera txapa aldatzea baino ahalegin handiagorik. Ez baitira berdinak Aho-biziak eta Aho-handiak. Belarriprest prestuak, eta Belarri-estuak.

Euskaraldiari garrantzia kentzeko arrazoiak baditu hala nahi duenak. Hizkuntza ohiturak aldatzeko asmorik ez duten alferrenek. Ziur nago ez direla ohartu ere egingo beraien herriko kaleetan udaltzainak gaztelaniaz ari direla aspaldian. Ez dituzte dominadun politikarien hizkuntza-politikak ezagutuko. Eta euskaraz ari direlakoan, gaztelaniaz mintzatuko dira, agian.

Beharbada, beste aldi bat zabaldu beharko genuke orain. Euskaraz, eta ulertzeko moduan azaldu, txapa jartzea ez dela alferrikakoa. Ikus gaitzaten eta ikus ditzagun janzten dela. Arnasguneen aldi baterako hedapena izan daitekeela. Arnasgune paisajistiko bat. Eta aldarrikapena ere bai, atzerako pausoak eman diren garaiotan.

Arrazoi izan dezakete ezkorrenek. Hizkuntza eskakizunik gabe lanean ari den funtzionarioa titulua duena baino Aho-biziagoa izan daiteke, bai. Curriculumean dominak gehitzeagatik bakarrik euskara ikasten duenak nekez hitz egingo du gero euskaraz kalean. Ados. Baina ahaleginak soilik balio ez duenean, neurri zorrotzagoak jartzea beharrezkoa da. Gutxienez, bizirauteko.

Bide horretan, Euskaraldia bultzada bat da, ahaleginen ospakizun bat. Egunero behar luke izan, baina ez da. Den-denok saiatu beharko genuke, Euskaraldia ez dadin aldi bat soilik izan. Frogatuta baitago mila aldiz errepikatzen den zerbait eguneroko ohitura bihur daitekeela. Eutsi diezaiegun, beraz, hartutako ohitura berriei. Eta ez naiz txapa jartze hutsaz ari. Ederra izango da!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak