Gaur ere, kafesne zaporeari gehitu zaio ahoan halako ukitu mikatz bat. Aparkalekutik aldi berean irten baitzarete beste hiru langile, ketuta. Gaur ere, zeure buruari zin egin diozu bizikleta elektrikoarekin lanera joaten hasiko zarela, bidegorria amaitutakoan. Kilometro eskasera daukazula lantokia.
Badago zerbait, barne borroka horretan, beti autoan esertzera zaramatzana. Ez da alferkeria bakarrik, hirigintza ere bada. Herriak ez dira kartografiatzen diren etxebizitza multzoak soilik. Ekosistema bat dira, kohesio bat, elkarbizitza. Eta gure sistemak ibilgailuen erabiltzaileei pribilegioak eskaintzen dizkie. Horra hor kotxe-zentrismoa. Apur samarrak izan gaitezke, baina alferrik da batzuetan.
Autoei zuzendutako hirigintzaren ondorioa gara. Hautu politiko edo historiko bat, azaletik aldatzen ari dena. Oinezkoen herriak teoria dira, eta ibilgailuak praktika.
Joera hori euskaraz izendatzeko, termino biren artean zalantza egin dut. Kotxe-zentrismoa aukeratu dut, baina auto-zentrismoa ere dei geniezaiokeen. Irribarre bat atera zait, horrek laburtzen baitu guztia. Geure buruari baino gehiago inguruari arreta jartzen diogunean aldatuko baita hori ere. Erabiltzaileok gure alferkeria onar genezake, baina dagokienek har dezatela ardura. Auto-kritika egin, eta beldurrik gabe oinezkotu gizartea.
Eguneroko joan-etorrietan eroso eta merke mugitzeko aukera hoberik ez daukagun bitartean, ez dugu egingo. Garraio sistema publikoaren garestitzeak ez digu horretan lagunduko. Nahitaez mugitu beharrak ere ez. Ez iezaguzue ezinezkorik eskatu. Mugikortasun jasangarriak aukera erosoena behar luke izan. Mugitu beharra, neurtua.
Auto-kritika behar dugu, lehendabizi, eta auto-gestioa egingo guk dugu geroago. Hitzak ez ditzala keak eraman, berriz ere...