Abestu ozen

Irudi gaindosiaren garaiotan, nola kontatu gerra bat.

Nola adierazi gordintasuna, etengabekoa denean. Haurrak protagonista egin, eta ekin. Zabaldu nolanahi.

Irudien atzean eguneroko bat dago, egunero desberdina dena. Haurrek jolasten jarraitzen dute gerran ere. Zer egin bestela. Nonbait entzun dut gurasoek abestera behartzen dituztela. Tiroak eta bonbak entzundakoan, are ozenago. Burrunbak iraun bitartean abestera behartuak, indartsu eta ozen. Eguneroko kantua, eta kondena.

Kantua beti izan da arma bat, berez. Nork abesten duen, hala egingo du eragina. Izango da misila, edo perdigoia. Melodia bat izan daiteke erasokorra edo babesleku; poztu gaitzake, edo haserretu. Hitzak eransten badizkiogu, zuzenean jo dezakegu dianan. Baina ez da nahikoa.

Egunotan, ez dago kantu lasaigarririk, hilezkorrik. Palestinan toki segururik ere ez. Ospitalerik eta kanpalekurik ere ez laster. Eta ez dago nazioarteko auzi judizialik, elkarrizketa, estatu onarpen edo akordiorik burrunba eta soinua geldiaraziko dituenik.

Gerra hau hitzez salatu zuten berberek adostu dituzte aste bat geroago arma salmentak Ukrainarekin. Orekaren izenean. Oso ozen kantatu gabe egin zuten lehenengoa, eta soinurik gabe hurrengoa. Hitzek eta musikak balioa galdu duten gizarte zaratatsu bat da mundua. Boteredunen inguruan dantzan gabiltza etengabe. 

Egin dezakegun gauza bakarra da nor garen ez ahaztea. Nortasunari eusteko kantatu, gutxienez. Defendatu nor garen eta nondik gatozen, gogoratzeko zergatik iritsi ginen gerra hauetara, zer eskatzen dugun. Herri bakoitzak bere kantak eta gerrak dauzka. Kantu bat gara.

Zoritxarrez, hori ez da nahikoa. Eta beldur naiz ez ote den nahikoa izango joera eskuindarra eragozteko ere. Agian, hautagaiak dagozkien hitzekin izendatuko bagenitu, beste kantu bat litzateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak