Kutxa geldoak

Bizitzaren une konkretu honetan daukadan pribilejioa baliatuz, eserleku batean jarri eta ingurukoen ibilerei begira jardun dut denbora batez.

Berandu dabiltzanen korrika txikiak, denboraz justu doazenen agur iheskorrak eta inor agurtzen galdutako denbora berreskuratu nahi dutenen bat-bateko saltotxoak. Presaren aldaera guztiak dira identifikagarriak. Errukiz zenbatu ditut agurrik gabe gelditu direnen pauso patxadatsuak, alferrak.

Neure buruari eginarazten dizkiodan mila betebeharretan nenbilela, Herbehereetako supermerkatu-kate batek kutxa geldoak martxan jarri dituela entzun dut irratian. Aditzen jarri, eta erositako produktuen ordainketarako presarik ez dutenentzako erreserbatutakoak omen. Ilaran aurrekoei lasai itxaron eta kutxazain zein erosleekin hitz egiteko. Kutxazain irribarretsu, jator eta adeitsuenen eta erosle motelen kutxak.

Ageriko zein ezkutuko etekinak izango dituzte hauek ere, noski. Baina pentsatzen jardun dut inguruotan norekin topo egingo genukeen kutxa hauetan. Kalean agurrik gabe gelditu diren pauso heldu eta patxadatsu berberak, ziur asko. Bakardadeak moteldutako ibiltari horiek. Edo kutxazainek izango ote duten hemen, lanean, irribarretsu egoteko lan arrazoirik. Albiste iraultzaile eta moderno bezala azaldu diguten hau abiadan doan gizarte bakartu honentzako neurri azkar bezain arina iruditu zait, azkenean.

Gure eskalara ekarrita, kutxa geldoak ez ote dira, ba, gure herrietako dendek eskaintzen dizkigutenak? Saltoki txikietan inor gutxi gelditzen da agurrik edo elkarrizketarik gabe. Nola esan... uneotan, ez dago denda txikietan erostea baino ezer iraultzaileagorik. Eta aizue, zein berritzailea eta modernoa litzatekeen guztiok une batez hitz egiteko gelditu, modu kontzientean erosi eta, bide batez, elkarri begiratu eta zaintzen jarriko bagina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak