Tripa kontuak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Madariaga Mujika 2022ko aza. 5a, 00:00

Egun batzuk dira mailu pneumatikoen hotsek zulatzen dituztela gure belarriak.

Notizia dira lur azpiko ur hodiak. Edo, hobe esanda, sareen etenak eragindako herritarren ondoezak. Beharrezkoa omen ura bizitzeko. Beharrezkoagoa, ordea, batzuentzat, eta une jakin batzuetan. Izan ere, nor dira, ba, gure eguneroko hamarretako kaferako ura debekatzeko?

Halakoetan soilik begiratzen dugu herriaren tripetara. Zapaltzen dugun asfaltoaren azpian dauden hodi guztien jakitun al gara? Desberdin jokatuko ote genuke asfaltoaren ordez kristalezko zoru garden bat bageneuka?

Tripa horiek eusten dute herri bat bizirik. Asteburuan kapritxoz edandako konbinatuen izotz-pusketetako ura hodi horietatik pasako zen noizbait. Urbanizazio lan ikusgarri eta eraikin panpoxoek ere behar dituzte, funtzionatu dezaten. Eta guk, arkitektoari loreak bota ondoren, ur zerbitzuko langileei pitxerkada bat ur eskaintzen diegu. Itotzekotan, ito daitezela beraiek. 

Ikusten denak balio du hemen ere, azalekoak. Eta azaleko komentarioekin betetzen ditugu pintxo-poteak, sare sozialak eta bozka-paperak. Mailu pneumatikoek baino soinu gehiago daukatenak dira herriaren ahotsa eta bozka. Hauteskunde kanpainetarako bozgorailu onenak. Eta adi, ur hodien konponketak amaitu baino lehen datozkigu eta.

Pentsatzen jarrita, hoditeria adina behar dauzka orain herritarrak. Urarekin eta argiarekin aski ez, eta zenbat aldiz zulatu behar izan dute lurra azken hamarkadotan? Sukalde erosoa, egongela epela edo Interneterako konexio azkarra izatea beharrezkoa ote den ez naiz eztabaidatzen hasiko. Baina azalduko dira lurra altxaraziko duten behar berriak. Eta orduan ere, berogailu ondoan goxo, eta etxeko lanpara guztien argipean, mugikor bidez kexatuko gara, justu egarria sartu zaigun unean ura moztu digutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak