Etxerako giroa dagoen arren, tabernetako eta kiroldegietako argiak ikusten dira piztuta. Hala ere, edalontziek luze diraute beteta, eta ura hotz igerilekuetan.
Gure besaulkietatik garraiolariei errukiz begiratzen diegu, beraien arazoak gurekin zerikusirik ez balu bezala. Greba egitera animatu ditugu, ea bizimodua hobetzen zaien. Gu ohitu gara gurera dagoeneko.
Konturatu arte, pijama luze gehiago ez dagoela salgai. Herriko dendetan jan-edanak faltan daudela. Ez Peruko kalabazinik, ezta Marokoko langostinorik. Kostata, baina ohartu gara gu garela bide luze honen kate-begiak. Eta ez zaigu batere gustatu.
Sumatu ote duzue, irakurleok, kate luze honetan, bene-benetan irratian entzun dudana lehenengo esaldia soilik dela. Ondorengoa espekulazioa eta erdi-egiak direla. Domino jokoak esango duela zein bide hartuko duen hasierako piezak.
Domino efektuak gertaerak hasi ziren lekutik oso urrutira daramatza. Bidea izaten da erabakigarria. Partida atsegina izan daiteke, edo ez. Zer gertatuko litzateke argindarraren prezioaren igoerak etxeko besaulkietan eserarazi ez bagintu? Piezak aldatu eta bene-benetakoa den arazo honi aurre egin bagenio? Tamalez, espekulazioak soilik ezin ditzakegu egin. Baina jokatu dezagun honen inguruan tabernan, edo kiroldegietan. Piezak lekuz mugitu, berriz hasi, edo jokalariak aldatuta. Oraindik badago argi-izpirik!