Konturatu naiz, lan erreforma hezurmamitu den garaiotan, zein garrantzitsua den azala eta mamia bereiztea. Azal erakargarriek nola estal ditzaketen denborak iraungitako mami lehorrak. Etanola gelditzen garen azaleko argazkiarekin, politikarien antzerki edo hanka-sartzearekin. Inor gutxik ezagutuko du erreformaren mamia, baina honi buruz hitz egiteko gai gara sare sozialetan.
Hala, azalarekin ondo estalita irensten ditugu oinarrizko eskubideak. Azal sendoko zenbaiti esker, are errazago. Eta ez gara konturatzen honek norberaren digestioan bakarrik ez duela eragiten. Kate luze bat dagoela irentsi duzun horren bidean, eta guztiok egiten gaituela konplize. Kolektibo bat garela, nahi izan edo ez.
Ohikoa baita ustez norberarenak ez diren eskubide urraketek tripako minik ez eragitea. Baina onar dezagun, plater beretik ari gara jaten. Neurri eta modu desberdinean, gehienetan. Atzoko ogi gogorra jan genezake, edo arto eta espelta irinarekin egindako hogei zerealdun ogi egin berria.
Mahai buelta horretan elkartuta, hitz egin dezagun, orduan, eskubideez. Bereiz dezagun zer den oinarrizkoago. Ogiren bat jatea, edo ogi hura jatea. Barkatuko didazue, baina, azkenaldian, apur bat amorratzen naute eskubide hitza potoloegi erabiltzen dutenek.
Bitartean, alabari ahalik eta egokien azaltzen saiatuko naiz mamiari arreta jarri behar zaiola eta ez horrenbeste azalari. Azalarekin kontuz ibili behar dela. Ogiarena jangarria dela eta laranjarena ez. Edo ez horrenbeste.