Halako batean lurrundu diren Labiren neurriek tabernetako kristalak gandutu dituzte. Barraskilo eta bare likatsuak azaldu dira paisaian, eta orbela itsasten zaigu oinetakoetan. Geruza bat gehitu dugu soinean, eta, hala ere, eztulari ezin ihes egin. Mukizapi berriak pilatzen hasi gara poltsikoetan, iazkoren batekin topo egin ostean. Eta… zenbat kostatzen zaion orain egunari argitzea!
Hostoen erortzea baino, ziur tabernetako kristalen aldaketa gehiago nabaritu dugula. Baina zenbat egokitzapen hain denbora laburrean. Eskerrak guk ere badugun gaitasuna horretarako.
Izan gaitezke gai edo ez gai. Eskuin edo ezker. Lehor edo heze. Preso edo aske. Edo biak. Baina zein zaila den batzuentzat norberarenak ez diren errealitateak ikusi, onartu eta haietara egokitzea. Begi bistan ikusi nahi ez diren errealitate asko izanagatik begiz jota. Borondatea besterik ez baita behar egokitzapenerako. Eta, hala ere, borondaterik gabeko zenbat mukitsu dagoen inguruan.
Beraz, tori udazkena guztiontzat. Tori mukiak nonahi eta edonoiz. Ia ikusi ere egiten ez diren arren, deseroso sentiarazi gaitzaten. Pentsarazi diezaguten zer ari garen ondo egiten eta zer ez.
Zein aberatsa den udazkena mukitan, euritan, eta onddotan. Ni, behintzat, onddo zaporera eta basoan orbel artean ibiltzera egokitzeko gogotsu nago. Gaztainen morkotsek oinetakoak zulatuko badizkidate ere. Eta aizue, ohartu gabe, udazkeneko hiztegira ere egokitu naiz honezkero.