Pazientzia kontua

Kanpinak, haize pixka bat arnastu eta etxe zulotik irteteko aukera paregabeak. Bizilagunen komunitate iragankorrak. Espazio irekietan antolatutako espazio itxiak, eta bitxiak. Eguneroko komunitateei ez bezala, abantaila asko eta kalteak ia batere ikusten ez dizkiegunak.

Ia gai guztietan bezala, ikuspuntu eta jarrera kontua izango da. Oporretan dagoenaren begietatik begiratuta, lau belar txar dituzten partzelak zelai berde zabalak dira. Eta hankak bustitzeko balio duten putzutxoak, espazio akuatikoak. Ederra da guztia, oporretan gaudenean; kanpinak, erabat terapeutikoak.

Lo gaudela lauretan esnarazten gaituzten bizilagun horien azalean jartzeko gaitasuna eta pazientzia ere lantzen baitugu. Ulergarriak egiten zaizkigu haien ordu txikitako zaratak, eta inbidiagarriak kirola egiteko jaikitzen diren goiztiarrenen etengabeko kremailera eta kafe kikara hotsak. Albokoen barbakoaren keaz gozatzera iritsi denik ere bada.

Ai, egunerokotasunean halakoak bagina. Baina egunerokoak badauka zerbait pazientzia agortzera garamatzana. Patxada, asko jota, zortzi ordura mugatu, eta eztanda etxe edo atarirako uzten duena. Akabo orduan. Albokoaren ordu txikitako garbigailuaren hotsak ez zaizkigu ulergarriak egiten. Ez dugu jasaten goiko bizilagunaren hitz egin beharra, eta komunitateko lorategitxoan belar txarra eta txakur kaka besterik ez dugu ikusten.

Hurrengo ikasturtera begira, saia gaitezen pazientzia dosi txikietan gordetzen, luze egingo zaigu bestela. Oporretan helmuga hutsa jarri ordez, egin diezagutela erosoagoa harako bidea. Oporrak, asko-asko jota, bi hilabetekoak izango direlako, oso-oso zortedunak izanda. Baina aurretik, goza itzazue uda-lekuak eta kanpinak. Terapeutikoa eta ederra delako hango bizimodua. Pozik egotea bezalakorik ez baitago, elkar ulertzeko. Ondo-ondo pasa!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak