Etorkizunari begira luze egon eta gero, hor dihardugu mugak-kendu-eta-gerokoak egin beharrean etengabe. Hitz emandako guztiak bete ezinik. Promesak egin eta amestea denez gaurdaino mugatu ez den ia eskubide bakarra. Konpromiso gabeko konprometituak izatea erraza izan baita oso. Esadazue, zenbat konpromiso deserosotan zabiltzate, itxialdian noski-egingo-dugula-gero esateagatik?
Askeak gara tabernetan eseri eta jasaten ez ditugunekin garagardoak edateko, ordua-da-isuna-jarriko-digute-gero-ka alde egiteko aukerarik izan gabe. Etxean edonor hartu genezake, edonoiz eta edonola.
Eta behin honaino helduta, musukoak-kendu-eta-geroko ametsei ekin diegu. Oraingo utzitako konpromiso deserosoak alboratu, eta berriak hartzen hasi gara. Orain, musukoek soilik egiten baitigute traba. Aho inguruko orbanen erantzule zital horiek, belarriak estutu eta minberatuz, oraindik askeak ez garela gogoratzen digutenak.
Horrela iritsi da Bergarako Aranzadi ikastola bere 50. urteurrenera. Hala sortu zen, askatasunik ez baina elkartasuna eta auzolana ondo ezagutzen zituzten garaian. Geroko herri euskaldun baten ametsarekin, unean uneko ilusioarekin. Musukorik gabe ahoak estaltzen zituzten garaian.
Orain zer? Orain asko zor diogun ikastola euskaldun bat daukagu herrian. Geroak eztabaida eta gatazka sortzen baditu ere, orain artekoak zalantzarako aukera gutxi ematen du. Ospa dezagun, beraz, orain, eta ahal den neurrian. Mahaiaren bueltan elkartzearena geroko utzi beharko bada ere, amesten jarraituko dugu, konprometituak izaten ere badakigulako. Zorionak!