Hitzak bakarrik ez, jarrerak behar ditugu, ordea. Batzuek norberarekiko edo ingurukoekiko arroztasun sexualari aurre egin beharko diote, eta besteek beraien harrotasunik sekretuenak bistan jarri. Bistan jarri, nahi dugun eran. Gure sekretu guztiak publiko egiten ez ditugun neurri berean, sexualitatea gordetzeko ere askeak garelako. Norberaren aukerak egunero-egunero normaltasunez eta harro bizitzea baino jarrera eraginkorragorik ez dago. Harrotasunez, baina harrokeriarik gabe, bihur ditzagun gure, arrotzak zaizkigun aukera horiek guztiak. Gure etxeko egin ditzagun, eta kaleratu gaitezen elkarrekin harro egoteko moduko gizarte baterantz. Egon ziur, orduan leunduko direla arrokarik gogorrenak ere.