Onar dezagun

Saiatuko naiz guztiok aipatzen.

Aipatuz, koherentzia gutxi dugula. Dugula gutxi, edo ezer ez. Ez baikara gu egoistak, gizarte egoistaren parte garelako. Garelako tuitlari kritiko ez kritikagarriak. Kritikagarri ditugulako guk inoiz sortu ez ditugun ekintza kulturalak. Kulturala dugu txakurrak adoptatzea. Adopzioa bultzatzea, baina besteentzat bereiztea. Berezitu gabeko zaborrez betetako poltsa ekologikoak. Ekologikoa erosteko 30 litro gasolina erretzea. Erretzearen kalteez beldurtzen gaituen erretzaile ohia. Ohiko tradizio atzerakoiak. Atzera begirako proiektu berritzaileak. Berriz indartutako hetero-arauak.

Araurik sekula jaso ez dutenei arauak jartzea. Jarritakoak kentzea. Kendu ahala ematea. Ematea, bueltan gehiago jaso ahal izateko. Izan ezin diren etxeen hipotekak. Hipotekatutako oporrak. Oporrik gabeko lanak. Langile txarren aldarrikapen sindikalistak. Sindikatutako diruzaleak. Diruz ordaindutako maitasunak. Maitasun erromantikoak. Erromantikotasunezko tratu txarrak.

Tratu txarrak gertukoak badira, ez onartzea. Onar dezagun gure inkoherentzia. Herentzia duin bat sor dezagun, zor diegu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak