Gaindituta geneukala uste genuen gaixotasuna ere azaleratu da berriz, eta gure herrien piromanoak bihurtu gara beste behin ere. Gure lurrak maite ditugun eran, maite dugulako sua.
Katalunia eta Galizia estali dituzte garrek, zerbait ezkutatu nahian bezala.
Eta piromanoek beraien babesleku goxoetatik begiratzen diote suari. Baita gozatu ere. Piromanoak sekula ez baitira erretzen.
Ustez gaixotasun honetatik salbu gaudenok badakigu, bakan batzuek sortutako sua nola herri batek itzali edo hauspotu dezakeen.
Gure Esku Dago ura botatzen segi edo bere bidea egiten uztea. Ez gaitezen, behintzat, geuk sortutako sutan erre.
Ez dezagun ahaztu piromanoak su piztaile asegaitzak direla eta gu, berriz, sukoiak.
Sua itzaltzeaz nekatu edo bertan bizitzera ohitu gaitezke, baina bertatik alde ere egin dezakegu, piromanorik gabeko herri libre batera.
Gure Esku Dago erabakia, baina, badaezpada, gorde ditzagun ur baldekada batzuk, beharko ditugu eta.