Olentzero urte osoan martxan dagoen vending makina da. Opariak existitzen al dira orduan? Opari batek oparitarako paperean bilduta behar luke, eta barruan, hiru sorpresa: iritsiko ote den zalantzarena, iristen deneko ezinegonarena eta ireki ondoreneko harridurarena. Jaso duzue halakorik Gabonetan?
Egunean sorpresa bat jaso beharko genukeela entzun nuen nonbait. Handiak zein txikiak izan, lurra baino gorago jartzen gaituzte istant batez, gero lurrera indar gehiagoz erortzeko. Erorketa horrek ematen ei digu bizipoza. Hargatik, mendiko ikazkina berreskuratu nahi nuke urte berri honetan. Ikas dezatela haurrek esku hutsik Olentzeroren etorrerarekin amesten, eta helduek, oparitarako paperak era jasangarri batera mugatzen. Ez da lan makala, Luhusoko atxiloketek ere sorpresaz harrapatzen ez gaituzten garaiotan, baina urte harrigarri bat opa dizuet. Doaneko sorpresa onez betea!