Askori iritsi zaio lan lekuetan esertzeko garaia. Eseri besterik ez dira egingo batzuk, eta gainerakoak, martxan jarri, zutitu. Zoritxarrez, non eseria izango ez duenik egongo da aurten ere.
Lanez kanpoko ordutegietan, ordea, beti egoten dira aulki hutsak. Izan ere, gure herri honetan beti dago zer egina, eta hauetan, edonon esertzeko aukera izan ohi dugu. Gonbidatuta gaude guztiok.
Eta gonbidatuak garen unetik, geuk erabakiko dugu noiz sartu eta noiz irten, baita zenbateraino ere. Aldea baitago zerbaiten aldeko antolaketan aritzetik, zerbaiten alde hitz egiten jardutera. Desberdinak baitira parte-hartzea eta parte-jartzea.
Kausa edo helburu guztiek behar dute bietatik. Baina esango nuke lehenengoak direla preziatuenak. Hauek, parte jarri eta hartu, biak egiten baitituzte. Susmoa daukat, ordea, ez ote diren gutizia bihurtu, garestitu.
Parte-jartzaileak, berriz, gonbidatu misteriotsuak izan daitezke batzuetan, sartu eta eseri besterik egiten ez direlako. Ez baitakizu nonbait eseri nahi dutelako soilik ote dauden hor.
Bateko edo besteko, eserialdi eder bat opa dizuet guztioi. Ongi etorri kurtso berrira!