Nola diren gauzak... jaietan aurkitu dut horren erantzuna.
Badakit. Festak elkartzen gaitu, festa da herri egiten gaituena. Nola ez gaitu ba herri egingo jaiak? Zenbatetan ikusiko ditugu ba herritar desberdinak edalontzi beretik edaten, kolore bereko zapiak jantzita, mutil zein neska balantza pausu berean, eta herri bazkarian, errespetuz ogi apurrak botaz elkarri, aurpegi erdi-erdian jota ere, irribarre zabala erakutsiz?
Inork ba al du dudarik? Hori da herri egiten gaituena. Norberak erabaki dezala, esaldi hau umorez edo tristuraz begiratu.
Izan ere, zer gertatzen da hauteskunde eguna eta jaien egitaraua ontzi berean sartzen direnean? Edalontzi beretik edateak jada ez du zapore bera, eta herri bazkarian ogi pinportak botatzea errespetu falta izugarria da. Ez baita kasualitatea ogi puska handienak justu guri buruan jotzea. Herritartasuna poltsikora beste behin ere.
Txoko batzuetan, biharamunari bestondoa deitzen diote. Ez dago hitz aproposagorik lerrootarako. Bestondo bat baino gehiagori aurre egin beharrean baikaude bergararrok. Ez baita gozoa izaten, besteek utzitakoari ondorena ematea. Ezta festek utzitako ondorenari aurre egitea ere. Animo guztioi!