Bertako berotik, leihoak zabaldu eta eskuzabalik kontatu dizkigute etxez kanpoko bizipenak.
Hamar atzamarren laguntzaz batuketak egiten ikasi zuten garai berean sartu omen ziren asko ehungintzan lanean. Hariak zuzendu, tinkatu eta makinak gobernatzen zituzten esku horiek hautsez zurituta itzultzen ziren etxera. Hala ez bazen, jostun lanak eginez zulatzen zituen atzamar puntak emakume bergarar askok eta askok.
Baziren zerbitzari edo inude lanak egiten zituztenak ere, amantalak janariz zikindutako eskuekin koloreztatzen adituak. Eta askok hala ez uste arren, emakume baserritarrek ere lur arrastoekin betetzen zituzten azazkal ertzak.
Beste behin ere ohartu naiz, ez gure amonak urtero San Blas egunez guretzako opilak egiteagatik, ezta amamak etengabe guretzako haragizko kroketak prestatzeagatik ere, horregatik bakarrik ez zituztela eskuak zimurtuak. Hautsez zuritutako, zulatutako, zikindutako eta lurrez betetako esku horiengatik guztiengatik ditugula gaur dauzkagunak, lehengoenak baino zauri gutxiagokoak. Azterlanari esker, orain arte ikusarazi digutenaz gain, gure amandreek gauza ikusgarri askoz gehiago egin dituztela bista-bistakoa da.