Hauteskundeak laster

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lezamiz 2023ko ots. 24a, 00:00

Alderdi politikoak hasi dira motorrak berotzen, maiatzean udaletarako eta diputazioetarako hauteskundeak izango direlako eta azaroan, Espainiako Gorteetarako hauteskunde orokorrak.

Politikari profesionalekin erreta gaude, alderdien nahiak bakarrik betetzen saiatzen direlako. Herrietako alkateak eta zinegotziak hobeto ikusten ditugu gizartean, herriko beharrak betetzera hurbilago daudelako eta ia egunero ikusten ditugulako kaleetan.

Aurten ere giro beroa izango dugu udaletako hauteskundeetan, herri askotan indarrak parekatuta daudelako. Debagoienean ere berdina gertatzen da. Eta espero dezagun eskuin muturrak botoak galtzea bai Euskal Herrian eta baita Espainian ere; bestela, gureak egin du. Demokrazia eta autonomia erkidegoak eta baita hizkuntza elebitasuna ere pikutara joan daitezke. Baina, azken inkesten arabera, badirudi Alderdi Popularrak botoak kenduko dizkiola Abascalen alderdiari. Eta, bestalde, Alderdi Sozialistaren Gobernuak jarraitu egin lezake, berriro hauteskunde orokorretan beste alderdi progresisten laguntzarekin.

Hemengo alderdi nazionalistek aurrera egiteko aukerak dituztela dirudi, inkestetan azaltzen den moduan, eta gehiengoa abertzale izaten jarraitzeko aukera asko dago. Baina Katalunian badirudi nazionalistek arazoak edukiko dituztela, beraien arteko borrokengatik. Han sozialisten botoak gorantz joango dira eta nazionalistei botoak kenduko dizkiete. Eta eskuin indarrek uste dut beherantz joango direla.

Udal hauteskundeak lehenengo izateak –maiatzean– lagundu egingo die alderdi abertzaleei, baita ezkerrekoei ere, jendearen hurbiltasunagatik, eta azaroko hauteskunde orokorretarako jendea posizioa hartuta izango da botoa ematerakoan. Baina ikusi egin beharko da zer gertatuko den hauteskunde bien tartean, aspaldi honetan gertakizun ekonomiko eta sozial ugari sortzen baita mundu osoan eta baita gure gizartean ere –pandemia, gerrak, krisi ekonomikoa eta produktu guztien garestitzea, goseteak eta abar–, eta jendeak horien arabera ikuspegi politikoa aldatu lezake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak