"Mundu osoa krisian"

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lezamiz 2011ko ira. 14a, 02:00

Irlanda, Grezia, Portugal jadanik krisi ekonomiko osoan sartuta daude...

... eta laster Espainia, Italia eta beste herrialde gehiago sartu daitezke gainbehera batean. Kontsumoa geldituta dago ia Europa osoan eta Ipar Amerikan ere, eta badirudi ekonomia beherakadan sartuko dela herrialde askotan behintzat.

Inbertsio publikoak agortuta daude eta gobernuaren gastu publikoa kontrolatzeak ekonomiaren geldialdia ekarriko du.

Badirudi gurpil zoroan sartuta gaudela eta ezingo garela irten. Aditu batzuek azken honetan diote mundu osoan kredituaren krisia dagoela eta etorkizuna kredituekin eraiki dugula azken mende erdian, eta gaur egun hain zorpetuta gaudenez ezingo dela dena ordaindu.

Euskal Herriak ere asko sufritu behar du hurrengo urteetan, langabezia ez delako desagertuko eta krisia oraindik gogorragoa izango delako. Inbertsio enpresariala eta esportazioak ere beherantz doaz. Opor buelta batzuentzat gogorra izan da lantegiko ateak itxita aurkitu dituztelako. Eta hori gogorra da benetan.

Normalean ni baikorra naiz eta horrela jarraitu nahiko nuke, baina egoera beltz honekin zaila daukat nire sentimenduak alaiagoak izaten. Zer egin?

Lehenik eta behin, iruzurra bukatzen saiatu behar dugu. BEZ edo IVA delakoan, IRPF eta elkarteen irabazietako kobraketan behar dena baino heren bat gutxiago kobratzen omen da.

Bestalde, badirudi kooperatiba askorentzat ere datorren urtea 2011 baino eskasagoa izan daitekeela eta zerbait berria egitea pentsatu beharko dugu. Esportazioak gehitzen saiatu behar dugu, produktu berriak ekoiztu, barnean gerrikoa gehiago estutu eta elkartasuna kooperatiben artean gehitu, hobeto aurre egin ahal izateko egoerari.

Garai txarrak datozkigu eta aurre egiten jakin behar dugu herri bezala, geure sena, ahaleginak eta ahalmenak praktikan jarriz. Ziur naiz irteten jakingo dugula.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak