Legeak dio Gobernu presidenteek betiko pentsio bat izan behar dutela, eta ez die ukatzen enpresa pribatuan edota euren kontura lan egitea eta irabaziak gehitzea. Urteko 80.000 euro kobratzen ditu bakoitzak eta harrigarriagoa da lanean dagoen Zapaterok baino 2.000 euro gehiago kobratzea.
Pentsiotik aparte auto ofiziala daukate, bi langile Estatuak ordainduta, muebleak alokatzeko eta bulegoko gastu asko ordainduak, eta hil egingo balira beraien alargunek ere %100eko irabaziekin jarraituko lukete; gure kasuan Gizarte Segurantzak %52 bakarrik ematen digu.
Endesa eta Gas Natural enpresa pribatuek (beraiek pribatizatuak eta orain Gobernuek utzi diena energiaren kostuak %10 igotzen) fitxatu dituzte kontseilari bezala eta Aznarrek 200.000 euro gehiago irabaziko ditu eta Gonzalezek 126.000 euro gehiago. Zergatik ote da fitxaketa hau, aurreko mesedeak ordaintzeko?
Eta egoera hau ez da bakarrik gertatzen bi politikari hauekin. Ministro eta kontseilari askorekin ere berdina gertatzen da. Alderdi politiko batzuk hasi dira komentatzen legea aldatu egin beharko litzatekeela, lotsagarria baita goi mailako politikariak gaurko egoeran etika falta horretan erortzea. Baina ez dute ezer egingo, alderdi askotan horrelako egoerak gertatzen baitira. Euskadira begiratzea besterik ez daukagu antzeko gauzak ikusteko.
Nork ulertzen du Aznarrek eta Gonzalezek soldata hain ederrak izanda pentsioa ere kobratzeko aukera izatea? Nire proposamena garbia da: soldatarekin edo pentsio publikoarekin bakarrik gelditu behar dute, lanean edo kontseilari bezala ari diren bitartean. Beraiek aukera dezatela, eta ea gastu publikoa gutxitzen den.