Edozelan ere, enpresa batzuek oraindik ez dute egoera gainditu eta zailtasun handiekin dabiltza, bai enpresak, bai horien mende dauden familiak ere. Alde batetik, gazteen langabezia tasa oso handia da; gainera, gazteoi galdetuz gero, lan-merkatua eta enplegua dira euren kezka nagusietako bat –baita Europako gazteen kezka ere–.
Enpresariok ondo dakigu eskulan trebatu egokia izatea zein zaila den erronkei aurre egiteko, ez daukagu eskulan trebatu nahikorik gure beharrak asetzeko; gazte trebatuak, ikuspuntu teknikotik eta jarrera aldetik. Orain dela gutxi, komunikabideetan eztabaida izan zen gure unibertsitateen kalitate-mailaren gainean, eta unibertsitateak eurak ere kexu dira iristen zaizkien ikasleen mailarekin, haien balio-defizitarekin; adibidez, jarrerarekin. Gizarte honen ongizate mailari eusteko oinarrizkoa dena huts egiten ari da; identifikatu egin behar da eta irtenbidea topatu behar zaio ahal den lasterren.