Krisi ekonomiko nahikotxo bizi izatea tokatu zait; konprobatu ahal izan nuen 3an bukatzen ziren urte guztietan, arrazoi bategatik edo besteagatik, ekonomiaren geldialdiren bat gertatzen zela: 73an, 83an, 93an… Egoera haietatik irtetea erraztuko ligukeen Europako Batasun bat amesten genuen orduan, baina, aldiz, historiako krisi ekonomiko handiena pairatu dugu, eta Europako Batasunean egoteak ez du askorako balio izan. Ezagutu dugun krisi ekonomiko larriena izan da, oraindik ez dugu gainditu, eta ondorioak hor daude.
Errefuxiatuen gaiarekin egindakoa kudeaketa negargarriaren beste adibide bat izan da. Agerikoa da Europa honek ez duela balio izan azken Mundu Gerra osteko herritar eta politikariek euren gogoan zituzten printzipioak eta balioak gauzatzeko eta indartzeko; eta hor sartzen ditut gureak: proiektuak ez du balio izan denok espero genuen ongizatea sortzeko. Estaturik gabeko nazioenganako babesa eta errespetua ziren gure gurasoen beste helburu bat, eta argi dago horretarako ere ez duela balio izan.
Azkenik, hor dugu Erresuma Batuaren Brexitaren gaia; gaizki ez badut oroitzen, Europaren eta Erresuma Batuaren arteko eztabaida baten ondorioz sortu zen, eta kontua urrunegi joan da: hasieran gauza bat bultzatu zutenek, kontrakoa defendatu dute orain. Nahiago nuen Europako Batasunean jarraitu izan balute; ez al ditugu bihar edo etzi hartutako erabakiaren ondorioak pairatu beharko! Sabin, ni europarra naiz, zu bezala; uste dut proiektuak baduela etorkizuna, baina modu honetara ez, ezin ditugu gauzak horrela egin.