Duela lau urte sortu zen Gu Geu plataforma, hainbat egoera zirela medio, hala nola orduko egoera politikoa, EAJ alderdiaren aurkezpenik eza eta EH Bildu aukera politiko bakarra izateko arriskua. Honen ondorioz, herriko hainbat pertsonok Gu Geu plataformaren sorkuntza bultzatu genuen, herriaren osasun demokratikorako onuragarria izango zelakoan.
Ilusioz betetako hauteskunde programa parte hartzaile bat osatu genuen, Elgetako herritarrei aukera berri bat eskainiz. 259 elgetarren botoak izan genituen, eta, hauen konfiantzari esker, Udalerako lau ordezkari atera genituen.
Idatzi honetan ez dugu nahi legealdiaren inguruko iritzirik eman. Beraz, ez ditugu hausnarketa autokritikoak aipatuko, ezta EH Bilduren kudeaketari buruzko kritikak azalduko ere. Honen harira ez diegulako nahi elgetarrei boto erabakian eragina sorrarazi.
Hau guztia esanda, Elgetako herritarrei eskerrak eman nahi dizkizuegu, udal kudeaketan parte hartzeko aukera eman izanagatik.
Besterik gabe, hauteskunde hauetara aurkeztu zareten talde guztiei zorte ona opa dizuegu. Espero dugu elkartasun eta adiskidetasun bidean aurrera egiteko gai izatea.
Gu Geu Elgeta hauteskunde plataforma desagertu egin den arren, bere inguruan lanean aritu garenok Elgetaren etorkizunarekin konpromisoan jarraitzen dugu.
----------
Mikel Larrea Zabalo
Gu Geu Elgetaren bozeramailea
Elgeta