Futbola, bai ala ez?

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Kerexeta 2017ko eka. 16a, 00:00

Ondorengo lerroak irakurri aurretik, badaezpada, idazlearen profila zein den kontuan hartu: futbolean oso txarra izandakoa, arauak ulertu justu eta bihotza zuri-gorria. Kuadrillan ziklistak, pilotariak, korrikalariak, "- futbol + carreras" esaldiarekin bat zetozenak eta futbolean epe motzean aritutako bakarra. Bi futbolariren aita eta Antzuola Kirol Elkarteko (AKE) presidentea. "Profil honekin presidentea, nola?", galdezka ari zara, ezta? Ni neu ere bai!

Futbol galaktikoari ematen zaion lilurak askotan itsutu egiten gaitu eta beste era bateko ereduak bistaratzeko zailtasunak ditugu. Dena zaku berean sartu eta analisirik egin gabe iritzi ematera ohituta gaude. Bai edo ez, ez dago beste ezertarako lekurik.

AKEk futbola aitzakia hartuta herrian bertan talde kirola egin eta disfrutatzeko modua eskaintzen du. Auzolanean eginiko eredu propioko proiektua da. Galaktikotik ez du ezer, oso lurtarra da!

AKEren hasiera, gehienetan gertatzen den moduan, posible zela amestu zuten zoro batzuen buruan egon zen. Ofizialtasuna, geroago, 1993-94 denboraldian, Bigarren Erregional Mailan, kamiseta gorriarekin lehiatzen hasi zen taldeak eman zion.

Urteak pasa dira, eta, aldaketa dezente egon badira ere, hor jarraitzen dute jokalariek, gurasoek, bazkideek, batzordekideek, babesleek, laguntzaileek, meza ondorengo boleto erosleek, futboleroek, kontrakoek, AKEren kudeaketarekin kritikoek... Guzti-guztion artean AKE sustraitu eta proiektu sendo eta jasangarri bihurtu dugu.

Bi gurasok denboraldi hasieran futbol eskola sortu, eta, euren burua futbolaren kontrakoa izanik, seme-alabei jarraitu beharrean aurkitu eta kexaka ziren. Guraso hauek, larunbatean, AKE festan ikusi besterik ez zegoen! Gorriz jantzita eta AKEren eredua defendatzen zera entzun nien: "Hau ez dok futbola! Hau la ostia dok!". Izan ere, Erregional Mailako jokalariek zeramaten kamisetetan irakurri zitekeen moduan, AKE futbol taldea baino askoz gehiago da!

Beraz, futbola bai edo ez, hori galdetzea merezi al du?

Segi dezagun herri proiektua den AKE garatzen eta handitzen. Lan egiteko eredua indartuz helburuen lorpena eta mugarriak gainditzea ekarriko du. Hastapeneko futbol-ero haiek izan zituzten ametsak berritu eta gauzatzeko!

Besarkada goxo bana AKE sortu eta egunero jaten eman diozuen guztioi, ondoren etorriko zaretenoi, Pablitori eta bidelagun dudan Nekaneri.

----------

Mikel Kerexeta Kortabarria

Antzuola Kirol Elkarteko presidentea

Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak