Niri, Claudette Colvin izatea tokatu zitzaidan, erabaki politikoengatik ahantzarazitako aktibista beltza. Antza denez, Rosa Parksen aurretik, bera izan zen autobus batean eserlekua zuri bati uzteari uko egin zion lehen emakume beltza. Liburuan, besteak beste, belaunaldi bateko pertsonaia ikonikoak izan diren Martin Luther Kingen eta Rosa Parken mitoak desitxuratu egiten dira. Nobelaren izenburua Negra da eta Emilie Plateau dugu bere egilea. Eleberriak, trazu sinple eta narratiba zuzena erabiliz, modu esplizituan, irakurlea dagoen tokitik alde egin eta Alabamako beltz batek bezala sufritzera eta bizitzera gonbidatzen du.
Eta horrela, Alabamako kotoi-soroetatik nindoala, Sulainyren biolinaren melodia heldu zitzaidan. Bat-batean, Jon gure ondotik igaro zen hegan Harry Potterren eskutik. Ane Oliver Twistekin Londresko kantoi oste estuetan desagertu zen. Marta, berriz, piraten itsasontzi bateko kapitain izendatu zuten. Eta Naridaren eta Yesehiaren atzetik zebiltzan bihotzeko erreginaren gudari kartadunek oihukatu zidaten.
Orduan, ikasle bakoitza bere irakurketan murgilduta zegoela ikusirik, inoiz baino gertuago sentitu nuen literaturaren magiaren presentzia.