"Alde zaharreko txizalekua"

Erabiltzailearen aurpegia

Gutuntxo honen bidez, Arbolapetako garajeko atean txiza egiten jarraitzera gonbidatu nahi ditut...

... arrasatearrak eta kanpotarrak –Olarte kaleko garajea, hain justu ere–,  gazte eta ez horren gazteak, noski.

Bai, horixe, jarrai dezatela, orain arte bezala, garaje horretako ateak komun publiko moduan erabiltzen, bertako bizilagunendako gozamen hutsa da-eta ikustea garaje horrek zelako zerbitzua egiten duen. Bene-benetan, halaxe da.

Bada, Arrasateko Udalari egin izan dizkiogu hainbat proposamen arazoa konpontzeko-edo: besteak beste, hesi txukun batekin kanpoko aldetik ixteko garajea; izan ere, normala den moduan, Arrasateko alde zaharra izanda, itxura zaindu egin beharra dago.

Hori uste dut nik, behintzat.

Edozelan ere, antza, arazo horrek ez du soluziorik, edo bai: hain zuzen ere, usain goxo-goxo hori jasaten jarraitu, eta aldiro-aldiro garaje horretako ateko katea aldatu, jakina, txizak erre egiten du-eta guztia.

Kontu honen harira, esan beharra dago Europako hainbat lekutan, hainbat herrialdetan, komun publikoetan pertsona bat egoten dela: komunak garbitzeaz arduratzen da pertsona hori, propina baten truke.

Bada, aukera hori ere badaukagu bertako bizilagunok.

------------------------------

Maria Jose Atxa
Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.