Badakigu gizon guztiak ez dira erasotzaileak, baina erasotzaileak gizonak izaten dira. Eta susmo txarra ematen du matxismoa, erasoak eta indarkeria matxista salatzen direnean gizonek hori erantzutea: "Denak ez gara horrelakoak". Jakina!
Baina erasotzaileak euren artean daude; askotan, oso eroso, gainera. Horregatik, erasotzaile ez diren gizonek, alegia, gizon gehienek, haiengandik bereizi nahi badute, erantzun epel hori eman baino gehiago, beste hainbat gauza egin ditzakete.
Adibidez, ez hauspotu emakumeak gutxiesten dituzten komentario eta txisteak. Adibidez, adierazi semeari, lagunari, lankideari, esan duen hori ez dela onargarria, ez duela graziarik. Lotsarazi emakumeak jazartzeko edo erasotzeko asmo hutsa adierazten duen lagun hori, eta, are gehiago, parean egonez gero, ahal den neurrian, geldiarazi erasotzeko saiakera oro. Eta bai, ipurdia ukitu edo bularra igurztea erasoak dira.
Emakumeok aliatuak behar zaituztegu gizonak. Erasotzaile ez zareten gizonak.