Iritsi da, eta horrekin batera, urteroko galdera: udan… zer? Nora zoazten galde nezakeen, baina uste dut nahikoa kriminalizatu ditugula, batetik, urtero toki berri batera doazenak, eta, bestetik, urtero toki berera edo inora ez doazenak ere. Planak ranking bihurtuz. Horregatik, nora beharrean, zer gomendatzera nator. Udan… zer? Nik udan irakurri egin behar dut. Edonora joateko balio du. Frantziatik hasiko naiz, Delphine de Viganen Nada se opone a la noche hartuta. Bere Esker onak irakurri ez baduzue, hortik hasi, bidai hasiera polita da. Ondoren, Kataluniara joango naiz, Irene Solaren Begiak eman nizkinan eta ilunpetara begiratu hien irakurtzera. Bere Canto yo y la montaña baila-rekin egin nuen lehenengo hurbilketa, eta ederra izan zen. Eta uste dut bukaeran Euskal Herritik bueltaka ibiliko naizela, Maddi Ane Txoperenaren Zaldi bat liburuarekin Nafarroa aldera mugituz eta Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen-ekin amaituz. Ez zait bidaia makala iruditzen. Udan, orduan… zer?