Inguruan –lanean, kalean…inguruan, kontxo!– Mari Domingik eta Olentzerok ekarritakoengatik galdetzea okurritu zitzaidan.
Nik urtero egiten dut galdera bera: libururik oparitu dizute? Oraindik galdetzeaz damutzen naiz. 70-80ko lagin batetik, %5ek bakarrik eman zidaten baiezkoa. Eta galdetzeaz damu naiz, apalak arropaz, diruz eta bideojokoz –sarri, biolentoak diren horietaz– beteta egongo direlako 2026an.
Aldiz, kulturak, imajinazioak, ideiek eta hizkuntzak 2025etik begira dihardute. Gu traidore. Eta damu naiz, irakasle bezala zaila zaidalako hizkuntzaz maitemintzeko esatea, hain urrun geratzen bazaigu hizkuntza bera zaintzen duen tresna. Ordenagailuek adierazteko kode binarioa erabiltzen dute; hori gabe, error 404. Erleek dantza erabiltzen dute; hori gabe, galduta. Baleek, kantua; hori gabe, bakarrik. Guk? Hizkuntza. Baina magiarik ezin da egin sorginkeria-libururik gabe.