Psikologoari stories-ak ezkutatzen dizkiot. Bai, egia da. Lehenengo galdera, beharbada, izan beharko litzateke ea zergatik daukadan nire psikologoaren instagram-a. Bigarrena, zergatik jarraitzen dugun elkar. Ez daukat erantzunik ez baterako ez besterako. Baina egiten dut. Gurasoei txikitan gaiztakeriak ezkutatzen dizkiegun bezala, errieta bat ekiditeko nahian edo. Ez pentsa guztiak ezkutatzen dizkiodanik e, ez. Obsesio edo mania arraroren bat erakusten dutenak bakarrik, hurrengo zitan gai bezala atera ez daitezen eta horrela beste kaxoi bat zabaldu ez dadin. Horma-armairu elegantea geratzen ari zaidalako kaxoiz beteta.
Oso pozik agertzen naizenak ere ezkutatzen dizkiot; beharbada, beldurra ematen didalako ondo nagoela ikusteak eta bere laguntza behar ez dudala esateak. Psikologoari stories-ak ezkutatzen dizkiot, sekretu zikinak izango balira bezala. Berari ezkutatzen dizkiot nik ez ikusteko.