Armiarmei beldurra diezula? Erraza, araknofobia deritzo horri. Toki altuei diezu beldurra? Horrek ere izena dauka, akrofobia. Hegaldiei? Aerofobia. Katuei? Ailurofobia. Toki itxiei? Klaustrofobia. Beldur guztiek daukate izena, identifikatzea besterik ez dago. Brontofobia, adibidez, oso normala da, ekaitzek beldur handia eman dezaketelako. Eta cinofobia? Txikitan txakurrei beldurra nien eta gaur egun sugeez ere ez naiz fidatzen –herpetofobikoa izango naiz?–. Beldurrak identifikatzea erraza da, baina benetan zaila justu kontrakoa egitea da: fobiak topatu beharrean filiak identifikatzea. Ilargiak betidanik erakarri nau, baina ez nekien horri selenofilia deitzen zitzaiola. Ama liburuz inguratuta bizi da, beharbada berea bibliofilia izango litzateke, eta aita mendira zuhaitz artera ahal duen bakoitzean joaten da, dendrofilikoa izango ote da?
-Eta zuk zer duzu gustuko?
-Ez al duzu antzeman? Nirea logofilia da.