Haatik, kontrako norabidean ere antzeman daiteke zenbait joera, hain agerikoak ez badira ere. Dinamika alternatiboak indartzen ari dira energia sortzeko, elikatzeko, kontsumitzeko eta antolatzeko, planetaren osasuna eta hurbileko garapena zainduz. Lankidetza berriak ari dira eraikitzen hainbat ekimen aurrera ateratzeko, elkartasun sareak ehuntzen interes komunak dituzten eragile eta pertsonen artean; abian dira gai publikoen gobernantza partekatzeko esperientziak, komunitate aktibatua eta hurbileko erakundeak erantzukide bihurtuta.
Badago zeri heldu, badago non indar egin; aurkituko dugu norekin, adostuko dugu zer eta asmatuko dugu nola. Goitik beherako joera suntsigarriei aurre egin behar diegu, oinarrizko komunitatea trinkotzen duten joerekin.