AED biziberritzen

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Irizar 2021eko maiatzaren 23a

Gogoeta prozesu betean dabil AED, euskara elkarteen aitzindari arrasatearra. Laster bere lehen 40 urteak beteko ditu, eta Euskaltzaleen Topagunean bidelagun dituen beste herrietako elkarteekin batera, eragiten jarraitzeko eta eragina handitzeko bidea aurkitu nahi luke.

Izan ere, 40 urteotan gauza asko eta oso azkar aldatu dira gure gizartearen baitan, eta dinamika sozialetan eragin nahi duenak oso ondo aztertu behar ditu aldaketa horiek, bere ekimenak, diskurtsoak eta antolamenduak ahalik eta eraginkorren izan daitezen. Irudipena daukat, oro har, azterketa zorrotza izaten ari dela eta ondo identifikatu direla jorratu beharreko ildo estrategikoak: ahalduntzea, aktibazioa, antolamendua, sozioekonomia, aisialdia... Horrez gain, Arrasaten eta Debagoienean oso errotua dago lankidetza publiko soziala, gizartearen ekimena eta erakundeen ahalmena uztartzen dituena, herri garapenaren mesedetan.

AEDren eredua oso zabaldua dago Euskal Herrian zehar, eta badaude dinamikak euskaltzaleen adimen kolektiboa eta berrikuntza eraikitzeko. Prozesu horretan, ziur nago, berriro eraginkorra izango da Arrasaten burutzen ari den gogoeta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak